Aramotz Berritu errealitate bat izango da

Erabiltzailearen aurpegia Jesica Ruiz 2022ko uzt. 8a, 10:38

Duela egun batzuk, guk, Durangoko sozialistok, genekiena publiko egin zen; Durangoko Aramotz Berritu proiektuak, hau da, auzoaren hiri-berroneratzeari dagokionak, 3,6 milioi euro lortu zituela Next Generation funtsetatik.

Ez pentsa halako kantitatea lortzea erraza izan denik, atzetik lan handia dago. Lan hori udaleko teknikariek, auzotarrek eta Gobernu sozialistak egin dute.

Proiektua 2018an sinatu zen, Durangoko PSEk bultzatuta, baina azkenaldian hainbat atzerapen eta oztopo (lehengaien krisia eta prezioen igoera, batez ere) egon dira. Horregatik, Durangoko PSEren bozeramailea, ni neu, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailarekin jarri nintzen kontaktuan. Gure ardura adierazi nien, eta, hasieratik, Eusko Jaurlaritzatik proiektuarekiko konpromisoa erakutsi ziguten. Hauek, Espainiako Gobernuarekin eta PSEko ordezkariekin jarri ziren harremanetan, eta honen baietza lortu zuten.

Nahiz eta urtarrilean Espainiako Gobernuaren konpromisoa eduki, behin betiko hitzarmena ez da ekainera arte iritsi, baina, azkenean, lortu da.

Durangoko Udal Gobernuaren lan bakarra argazkian ateratzea izan da; aitzitik, Aramotzeko bizilagunak, udaleko teknikaria eta sozialistak (Durango PSE, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua) izan gara hori defendatu dugunak eta horren alde borrokatu garenak.

Horrek erakundeen arteko harremanen garrantzia erakusten du, izan ere, Durangoren aldeko proiektuak lortzeko beste bide bat da; beraz, zaindu ditzagun eta ez gaitezen isolatu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!