Datu arriskutsuak

Erabiltzailearen aurpegia Jesica Ruiz 2022ko mar. 4a, 08:55

Sara, Monica, Claudia eta Mercedes deitzen ziren eta 2022. urteko lehenengo bi hilabeetan bikotekideek erail dituzten lau emakumeak dira. Beste aldetik, munduan orain arte egin den ikerketarik handienak adierazten du 15 eta 49 urte bitarteko emakumeen %27k indarkeria matxista jasan dutela. Baina ez dugu urrutira joan beharrik; udaltzaingoak helarazi dizkigun datuekin badakigu Durangon 2021ean 24 eraso matxista izan zirela (konparatzeko bakarrik, 2020an 15 izan ziren, eta 2017an 14). Horrek esan nahi du hobera egin beharrean okerrera goazela. Berdin zaigu zer adinekoak diren. Eraso bat eraso bat da baina errealitatea da kasu gehienak gazteen artean izan direla.

Gainera, kezkatzen gaitu iazko urte osoan zehar kontseiluan bi erasoen berri baino ez genuela izan. Non galdu da informazioa? Gaur egun, tristea da, baina publiko egiten ez dena badirudi ez dela existitzen eta erlaxarazten gaituela, eta argi dago borrokan jarraitu behar dugula.

Orain udalean Durangoko III. Berdintasun Plana amaitzen ari gara, Durangoko hainbat eragilek eta pertsonak parte hartu dute; batez ere, mugimendu femenistak. Honen hausnarketa egiterakoan konturatu gara oraindik gauza asko daudela egiteko. Noski emakumeok borrokatzen jarraitu behar dugula, baina mutilen eta gizonen laguntza eta inplikazioa guztiz beharrezkoa da. Datu hauek ikusita, seriotasunez pentsatu behar dugu zer ari garen txarto egiten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!