Arazoa konpondu behar dugu

Erabiltzailearen aurpegia Jesica Ruiz 2021ko ira. 17a, 08:30

Azken egunetan Durangon asko ari gara hitz egiten botiloiari buruz. Uda baino lehen arazoak egon ziren Zuhatzolako parkean, baina inguru horretan jende gutxiago bizi denez, gatazka ez zen hainbeste hedatu. Abuztuan arazoa Santa Anako plazara desbideratu zen.

Arazoa guztiona da, eta ez bakarrik kaltetutako bizilagunena. Gainera, arazo horretan denok dugu arduraren zati bat: erakundeak, ez garelako gai izan haiei aisialdirako alternatiba bat eskaintzeko; gurasoek, ez baitute jakin haien seme-alabei zaborra jaso behar dela transmititzen; eta, azkenik, gazteek, uste baitute pandemiaren gaia ez doala haiekin.

Gobernu taldeari (EH Bildu- Elkarrekin Podemos Herriaren Eskubidea) Santa Ana plaza hesitu behar zutela adierazten zuen alkatetza dekretu bat ateratzea besterik ez zitzaion bururatu. Bandoen bidez erabaki horren berri izan genuenean denok imajinatu genuen bezala, hori ez da ezeren konponbidea izan. Horrek gazte horiek beste leku batean elkartzea baino ez du ekarri, Zuhatzola parkera (berriz ere) eta batez ere Tabira parkera mugituz. Benetan uste zuten Santa Anan dauden bi tabernak errugabeak izanik ixtera behartzen zituen neurri hori ideia bikaina zela?

Egoera horren guztiaren azterketa sakonagoa egin behar dugu. Pedagogia asko landu; elkarrizketa, prebentzioa eta alternatiba erreal eta eraginkorrak bilatuz; eta ez zentzurik gabeko burutazioak izan. Eta hori guztia San Faustoko ez-jaiak hurbil ditugunean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!