Sare berdea eta bidegorria

Erabiltzailearen aurpegia Jesica Ruiz 2021ko uzt. 16a, 08:31

Joan den astean jakin genituen aurtengo aurrekontu parte hartzaileen emaitzak: 1.695 pertsonak parte hartu dute, orain bi urte baino 1.000 gutxiagok. 2020an proposamen bozkatuena Durango Berdeagoa oinezkoentzat eta bizikletentzat kale gehiago jartzeko ideia izan bazen, aurten antzerako kontu bat izan da, konkretuki, bidegorriak egokitzea. Horrek esan nahi du biztanleria (zehatzago esanda, parte hartzen dutenak, ez dira heltzen %6ra) oso argi daukala zer nahi duen.

Beste alde batetik, hilabete daramagu hiri antolamendurako plan orokorreko (HAPO) tailerrekin. Lau tailer izan dira (ingurugiro fisikoa, eguneroko Durango, jarduera ekonomikoa eta etxebitiza) eta parte hartzea oso baxua izan da. Tailer bakoitzean 25-27 pertsonak parte hartu dute, jende bera tailer guztietan, eta tamalez gazteak ez dira gerturatu. Pena bat da hain jende gutxi egotea, eta are gehiago herriarentzat hain garrantzitsua izango den plan honetan. Horrek adierazten digu ez daukagula parte hartzeko kulturarik. Tailerretan aurrekontuetan lehenengo  postuan dauden proiektuak errepikatu dira behin eta berriro, sare-berdearen plana amaitzea trenbidearen bidea jarraituz eta bizikletentzako bide gehiago egitea.

Datuak ikusita, argi dago horren inguruan ez dela behar parte-hartze prozesu gehiago egitea. Dagoeneko badakigu Durangoko Udalak inbertsio bat egin behar duela  bidegorriak amaitzeko eta hobetzeko, eta sare-berdea handitzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!