Haitzuloetako gizonak kobazulotik irten dira

Erabiltzailearen aurpegia Jesica Ruiz 2021ko eka. 18a, 07:50

'Kondena', 'zero tolerantzia', 'injustizia', 'arbuioa' edo 'hiltzaileak' hitzak datozkit burura azken asteotan gertatutakoa ikusita.

Aspalditik ez ditugu hain egun tristeak bizi izan indarkeria matxistari dagokionez: Tenerifeko munstroa, alabak hil dituena amari min egiteko bakarrik, bikotekidea  erail duen gaztea, labana bidezko erasoa edo eraso homofoboa. Zoritxarrez, zerrenda horrek aurrera jarraitzen du.

Adituen esanetan, isolamenduak iraun zuen bitartean erasoak gutxitu egin ziren erasotzaileak asetuta zeudelako, bikotekideen gaineko erabateko kontrola zutelako. Orain, aldiz, lehen geneukan bizitzara itzultzen ari garenean, beren autoritarismoa berreskuratzen ari dira. Zer ari da sisteman huts egiten hori guztia garaiz geratu ezin izateko? Nola liteke oraindik ere gizonek emakumeak baino gehiago direla uste izatea? Nola pentsa dezakete haien jabetza garela?

Tristea da arazo larri horren aurrean, oraindik gizartearen zati batek beste alde batera begiratzea. Beharrezkoa da familia, ikastetxe eta gizarte osotik irakastea gizona ez dela emakumea baino gehiago, eta emakumeok ez garela gizonak baino gutxiago. Izan ere, askori sinestezina iruditzen bazaigu ere, oraindik gizon eta emakume askok dituzte pentsamendu horiek.

Oraindik bide luzea geratzen zaigu, eta aurrera egiteko modua bidea denok batera egitea da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!