Durangoko Martxanterak

Erabiltzailearen aurpegia Jesica Ruiz 2021ko api. 23a, 08:40

Joan den igandean omenaldia egin zieten martxanterei Andra Marian. Badakigu Durangon hainbat martxantera egon zirela, baina Boniren pertsonan zentratu zen, batez ere, bera izan baitzen azkena. Bonik 1993. urtean jaso zuen durangar bezala jaso daitekeen omenaldirik beroena: San Faustoetako txupinera izatea.

Bere semearekin hitz egitean, esan zigun Boni 8 urterekin hasi zela tomateak saltzen tren geltokian eta 11 urterekin Andra Marian ezarri zuela bere “egoitza”. Bertan egon zen 82 urte bete arte. Egunero, uda zein negua izan, hotz zein bero egin, bera hor zegoen, kexatu gabe. Zelako bizitza gogorra!

Beti gogoratuko dut nola hurbiltzen ginen bere mahaira handik pasatzen ginen bakoitzean, geneuzkan pezeta guztiak bertan gastatzeko. Beti hauxe galdetzen genion: zenbat gozoki har ditzakegu daukagun diruarekin?

2005. urtean utzi zuen postua, eta berarekin gure haurtzaroaren zati bat joan zitzaigun. Zelako pena ematen zigun handik pasatu eta inor ez egoteak! Bizia ematen zigun durangarroi, eta bizia ematen zion Durangori.

Zenbat Boni egon ziren? Zenbat emakume egon ziren isil-isilik lanean euren familiak aurrera ateratzeko?

Orain, handik pasatzen garen bakoitzean, urteetan atzera egin eta gure gazteei azalduko diegu nortzuk izan ziren martxanterak eta zergaitik ez ditugun ahaztu behar.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!