Gazteak eta jokoa

Erabiltzailearen aurpegia Jesica Ruiz 2020ko aza. 3a, 08:30

Euskal Autonomia Erkidegoan 205 joko areto eta 34 apustu-lokal daude. Jokoaren erreglamendu orokorra eguneratzen dabiltza eta hau eginda egon arte, joko areto berriak zabaltzeko baimenak ez zirela emango esan zuten. Aukera ezin hobea da araudia gogortzeko eta beharrezkoa da lege horretan joko areto eta eskola artean egon beharko den distantzia gutxienekoa markatzea.

Estatuan, Errege Dekretuaren neurri nagusiak debekatu egiten du online jokoaren publizitatea euskarri eta hedabide guztietan 00:00etatik 05:00etara bitarteko ordutegian izan ezik. Baita kamiseta edo kirol-ekipamenduetan online apustuen publizitatea agertzea eta iragarkietan pertsonaia ospetsuak erakargarri gisa erabiltzea ere.

Legearen arabera, 18 urtetik beherakoentzat debekatuta dago apustu jokoetan ibiltzea, baina errealitatea beste bat da. Normalizatuta dute kirol-apustuen mundua eta aisialdirako ohitura bilakatzen ari da askorentzat. Erraza dute mugikorretatik edo ordenagailuetatik aritzea eta baita joko-areto edo tabernetako makinetatik apustua egitea ere.

Euskadin 43.000 pertsona ludopata dago, ludopatia substantzia gabeko adikzio bezala onartuta dago. Kopuru horretan gazteak gero eta gehiago dira eta adikzio horri aurre egin ezinagatik laguntza eske daude gaur egun.

Ondorioak? Larriak dira, lana edo erlazio pertsonalen galera, esaterako.

Gainera, krisi garaian frogatuta dago etsipenaren ondorioz errazagoa dela apustu sareetan erortzea. Apustu arriskutsua benetan, adi egon!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!