Martxoak 8: goazen denok batera

Erabiltzailearen aurpegia Jesica Ruiz 2020ko mar. 6a, 08:55

Datorren igandean Martxoak 8 da, Emakumeen Nazioarteko Eguna. Joan diren bi urteetan greba orokorrak izan genituen, biak oso arrakastatsuak. 2018ko lehen greba lorpen handia izan zen mugimendu feministentzat, emakumeentzat eta gizarte guztientzat orokorrean. Bertan  ideologia, arraza eta klase desberdinetako emakumeak elkartu ginen mezu bakar batekin: berdintasunaren alde borroka egiteko. Aurten igandea denez, ez da egongo grebarik, baina horrek ez du esan nahi emakumeak geldi geratuko garenik. Kalean egongo gara gure eskubideak aldarrikatzen!

Egun hauetan asko ari gara entzuten Koronabirusari buruz, baina emakume askok jasaten duten indarkeria matxista, hori bai bada birus arriskutsua eta etengabe dabilena. 2020ko bi hilabete eskasetan 14 emakumeren hilketa izan dugu. Hau onartezina da!

Berdintasunaren, parekidetasunaren eta kontziliazioaren alde jarraitu behar dugu, emakumeoi dagokigun lekua izan dezagun. Ezin gara geldi geratu. Nahiz eta gauza asko lortu, oraindik egiteko bidea daukagu eta elkarrekin egin behar dugu. Helmuga gero eta gertuago dago eta denok batera heldu behar gara.

Mugimendu feministak eta udalak hainbat ekintza antolatu ditugu elkarlanean Martxoak 8ren inguruan: Lilakrosa, abesti feministen lehiaketa, hitzaldiak eta film proiekzioa (zinegoak eta Comandante Arian). Durangar guztiak animatu nahi ditugu antolatutako mobilizazio eta ekintza guztietan era aktiboan parte har dezaten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!