Aurrekoan, hemen Anboton idatzi nuena irakurri ostean, izotz kubotxoak egiteko makina oparituko didazula esan zenidan. Beti bezain eskuzabal zu. Nik kafetera bat agindu nizun bueltan; kafetera ziztrin bat baino ez. Horregatik ere idazten dizut hau zuri. Zeozer berezia oparitu gura dudanean idatziriko berbak opari ohi ditut. Hartu hauek, mesedez.
Ezagutzen zaituztenek irudikatu ahal izango zaituzte; nor zaren ez dakitenek beharbada nire irudimenak sortutako pertsonaia izan zintezkeela pentsa dezakete ere, edo biak batera, zergatik ez.
Momentu honetan non zauden ez dakit; ez al da magikoa hori? Norberen bakardadean idatzitakoa beste batek bere bakardadean irakurtzea? Eskurik esku irudikatzen dut Anbotoren aletxo honek egin duen bidaia zeu zauden lekuraino heltzeko, zauden lekuan zaudela. Nondik nora ibiliko ote zara orain? Non irakurtzen ari zara hau? Magia hori egiteagatik ere idazten dizut hau, baina batez ere, idazten dizut “ongi etorri” esateko zuri.