Inspirazio faltan nagoela onartzen dut. Horregatik, urtarriletik irailera arteko Durangaldeko gaztetxe eta gune autogestionatuen kontrako eraso eta lapurreten zerrendarekin nator gaurkoan. Egunez egun, sinple eta gehiegi pentsatu gabe. Edulkoratu gabe. Gordin-gordinik. Hori da dakardana.
- Urtarrilaren 7an Zornotzako Matrailu Gaztetxeak eraso faxista bat eta lapurreta saiakera jasan zituen.
- Urtarrilaren 24an Abadiñoko Amaraun Arte Fabrikan lapurreta izan zen.
- Otsailaren 17an Berrizko Hiltegixe Gaztetxean lapurreta izan zen.
- Apirilaren 3an Durangoko lau gazte epaitu zituzten udalerri bereko Justizia Jauregian Korreoseko gaztetxea babestu izanagatik.
- Apirilaren 26an Atxondoko Gaztetxeko almazenari su eman zioten.
- Maiatzaren 8an Matienako Txosnetan lapurreta izan zen.
- Ekainaren 8an Abadiñoko Gaztetxean lapurreta izan zen.
- Ekainaren 25ean Durangoko Gaztetxeko asanbladako beste kide bat epaitu zuten.
- Uztailaren 27an Zornotzako Matrailu Gaztetxean berriro lapurreta gertatu zen.
- Abuztuaren 12an Berrizko Hiltegixe Gaztetxean berriro lapurreta gertatu zen.
- Abuztuaren 27an Zaldibarko Gaztetxean lapurreta izan zen.
- Irailaren 2an Abadiñoko Amaraun Arte Fabrikan berriro lapurreta gertatu zen.
Ideia gutxirekin bueltatu naizela esan dizut, eta hala da. Ez pentsa, orduan, tripak atera eta zerrendaren inguruko gogoeta sakonik egingo dudanik orain. Urtarriletik irailera bitartean 12 eraso jasan dituzte guztira gure eskualdeko gaztetxe eta gune autogestionatuek. 12 guztira. Hilean, batez beste, eraso bat. Ezta kasualitatea zenik ere. Zerrenda honek bakarrik hitz egiten du. Hitzik gabe baina ozen. Edulkoratu gabe.
Merkatuaren logiketatik ihes egiten duten kulturgune eta jardun politikorako txokoetan utzi du arrastoa sistemak berak sortu eta elikatzen duen miseriak. Agian gehiegi pentsatu dudan esaldi bat da hau. Azkenean pedante samarra geratu zait. Kaka!