— Kalimotxo bat — esan nion —. Basoarekin eta bi izotzekin, posible bada.
— Hiru bitcoin, mesedez.
Eta datafono bat atera zidan! Bukatu dira kanbioak. Txanpon zikin horiek, poltsikoak astundu besterik ez dutenak egiten, txizalarri estu batean prakak hala moduz jaitsi eta ozpindutako ardo eta txapen artean lurretik jaso behar dituzun txanpon zikinak. Teknologia aurreratu, poltsikoa arindu. This is the future.
Eta bizitzari gehiago eskatu ezin zaionean, besoa luzatu eta kamareroak paper zati bat eman zidan nire kalimotxo apalarekin. Faktura! Egia esan, onartu beharra daukat sekula ez zaidala gustatu poteatzea. “Nik aurrekoa ordaindu dut”. Kuadrilla guztietan egon beharreko diruzalea, txerri-erosle eta txorizo saltzaile! Baina tiketarekin inork ezingo dio ihes egin beldurgarrienari: "Kontuak egin eta erdi bana ordainduko dugu?". This is the future.
Bukatu dira mezu agonikoz jositako pankarta apokaliptikoak. Gaizki ohitu gara parranda miseriaz inguratuta egitera. Baina aurten, erromeria hasi bezain pronto, gizon batzuk agertu ziren publikoaren artean. Motxila lepoan, fosforitoz jantzitako zerbeza saltzaileak ziren. Miraculum. San Pedro Experience™ zioten txanoetatik ateratzen zitzaizkien banderatxoek Aldapan Goraren erritmora dantzan egiten zuten.
— Kalimotxo bat — esan nion —. Basoarekin eta bi izotzekin, posible bada.
— Bost bitcoin, mesedez.
Bi bitcoin gehiago, bai. Baina 'Gaztela Irratia' jartzen zuen kapela bat oparitu zidaten. Txosna hauetan beti irabazi!
Sekula ez dut bizi horrelako San Pedrorik. Plastikoz, datafonoz, bitcoinez eta fosforitoz inguratuta egon nahi dut. Aisialdiaren merkantilizazioa, that is the future.