Eguberriko errezeta

Erabiltzailearen aurpegia Iune Ruiz Tagle 2024ko abe. 20a, 08:30

Gezurra badirudi ere, gabonak maite ditut. Agian kanpoan hotz denean bolitaz beteriko artilezko txano baten azpian nire sudur izoztua paseatzea maite dudalako, "Zori_nak" hitza sumatu daitekeen kolorezko bonbilla urdin, berde, hori, urdina berriz, gorri, berdeen argipean.

Uste dut gabonak maite ditudala gaztaina zimurtu eta iletsu bat naizelako, kanpotik edozein momentutan zizta zaitzakeen arantzaz betea baina barrutik hori, gaztaina zimurra eta iletsua, sinplea eta haragitsua. Bada, bai. Gabonak maite ditut eta ez dakit zergatik. Akaso kapitalismoak atrapatu nau beste behin. Eta pozik egon beharko zineten orain arte kapitalismo hitza ez dudalako erabili.

Serpentina eta omeprazolezko bakanal honetan gabonetako menuak dira nire inperio erromatarra. Saldak, mahonesa, azukre-hautsa, langostino egosiak, erreak, berakatza, krema, likoreak. Demasa. Horregatik, zuekin partekatu nahiko nuke gabonetako errezeta-liburuari umiltasunez egiten diodan ekarpen txiki hau. Hona hemen eguberri hauetan galdu ezin duzuen errezeta: gaztetxe gozo eta mamitsua labean. Horretarako, osagai hauek beharko ditugu.

  • 150 gramoko ideia komun bat.
  • Kontzientzia kolektibo oso bat.
  • Ate bat (hozkailuan bi badituzu ez du axola, ez du eragin handirik izango azken emaitzan).
  • Rotaflexa.
  • 75 gramoko zerraila berri bat.
  • Papera eta boligrafoa.
  • Papera eta boligrafo gehiago.
  • Dozena erdi bengala.
  • Pankarta plastiko kilo bat.
  • Eta hiru koilarakada tinta (gorria posible bada).

Gaztetxe-orea prestatzeko osagai guztiak ontzi berean gogo handiz nahasi beharko dituzue. Orea prest, labea berotzen jarri beharko duzue jarraian, 200 gradutan gutxienez. Labea bero-bero dugunean, gure ore distiratsu eta likatsua egosiko dugu. Esango nuke ez dakigula zehatz-mehatz pastel honek hazteko zenbat denbora beharko duen, osagaiak asko aldatzen ez badira ere, gaztetxe tarta bakoitza bakarra baita.

Beraz, zuen kabuz gaztetxeak egitera animatzen zaituztet eguberri hauetan; etxean, herrian edo zuen auzoan. Errezeta hau jarrai dezakezue, edo imajinazioa askatu eta formula berriak sortu. Gaztetxe handiak, txikiak, biziak, deformatuak, gazi-gozoak, pikanteak. Baina kontuz. Gaztetxe pastelaren usainak udal-gobernuak erakartzen ditu, eta orduan gure tarta esperantzagarria inoiz beteko ez diren promesekin, arduragabekeriarekin, kontrol sozialarekin eta karga polizialez osatutako krema ustelarekin erabat beteko dute gure gaztetxea. Gainezka egin arte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!