Eraldatu, bozkatu

Erabiltzailearen aurpegia Ion Andoni del Olmo 2015ko abe. 18a, 09:00

Hauteskunde hauek ez dira inportanteak, sinestarazi nahi digu Marianok. Horregatik jarri ditu abenduaren 20an. Ez dira gure hauteskundeak, baina gauza asko ari dira gertatzen. Katalunian tinko dabiltza independentziarako bidean. Espainian bertan ere mobilizazioak bizi dituzte. 1978ko erregimena kartzela izan da Estatuko herrientzat, baina baita Espainiako klase popularrentzat ere. Ezkerreko independentistok beti esan dugu, eta denborak arrazoia eman digu; bere izaera oligarkikoa inoiz baino agerikoa da. Debatea zabaldu da, sakoneko eztabaida bat egiteko edo tapoia ezartzeko.

Ematen du tapoiaren taktika nagusituko dela Madrilen. Baina hori dela eta, ezkerreko independentistok han egon beharra daukagu: haustura demokratikoa aldarrikatzeko, eta iruzur berriak salatzeko. Ez dago batere argi beste indar batzuk, abertzaleak barne, erregimeneko indarrekin tapoiak diseinatzen sartuko ez direnik. Hala ere, Madrilekoa ez da inportanteena. Euskal Herrian badago erregimenari kolpe bat emateko aukera. Irabazi genion Nafarroan, eta oraingoan ere erregimeneko partiduak ezertan uzteko aukera dago. Eta horrek fase politiko berri bat ireki dezake Euskal Herrian, aliantza berriak ahalbideratuko duena. Erabakitzeko eskubidea, austeritatearen kontrako politikak, giza eskubideak eta haustura demokratikoa uztartzeko fasea. Ez egin kasurik Marianori eta etsipenaren estrategiari. Gure ahotsak, gure herri antolaketak, eta gure botoek ere, inposatzaileen ahuldadea dakarte. Eta horretako, Euskal herrian, EH Bildu da bermerik sendoena, fidagarriena, gauza bera esan eta garatuko baitu orain, Santo Tomas egunean, eta hurrengoetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!