Baina orain denok, indar politiko guztiok, argi dugu garai bateko proiektu faraonikoak zentzurik ez duela. Joan den legegintzaldian, EH Bilduko alkate nintzelarik, aurreakordio bat sinatu genuen Eusko Jaurlaritzarekin, lur horien etorkizuna desblokeatzeko. Baina, ondoren, bide horri jarraipena eman beharrean, prozesua zerotik hasi zuten EAJk eta PSEk, lau urteko paralisia eraginez. Orain, atzera, lehengo puntu berera bueltatu gara antza, baina proiektatuta zegoen 33.000 m2-ko parkea nabarmen txikitzeko asmoa omen dute, eraikinen konfigurazioa eta zehaztasun gutxi duen osasun ekipamendu bat tarteko. Herritarren mandatua argia izan zen, eta argia da: inguruko eraikinekin armonian doazen eraikuntzak nahi ditugu, ahalik eta berdegune handiena eta ahalik eta trafiko eta kutsadura gutxien; Durangok faltan baititu berdeguneak, eta osasuna hori ere bada. Anbulatorio berri baterako badaude leku egokiagoak. Zoritxarrez, oraindik, proiektu faraonikoen errotondan bueltaka gabiltzala dirudi. Hurrengo asteetan parte hartzeko aukera dugu inkesta bidez. Udalak bide hori ireki du durangar guztiok nolako erdigunea nahi dugun deskribatzeko. Berriz ere hitz egiteko garaia da.