Gogotsu hasi dut ikasturtea, espero baino ilusio eta indar handiagoarekin. Udak lasaitasuna ematen du, deskonektatzeko aukera, eta baita gauzak tentsio gutxiagorekin eta distantziatik ikusteko parada ere. Beste patxada bat. Niri ere hori eman dit udak: lasaitasuna, distantzia eta patxada. Udako bake hori izango da agian iraila gogotsu hastearen arrazoia, izan ere, gogaitu samar bukatu bainuen joan den kurtsoa. Egia esan, politikan gehiegitan dagoen giro zakarrak nekatu egiten nau eta iazko ikasturteak ere izan zuen zakarretik eta zatarretik.
Hauteskunde giroan igaroko dugu ikasturte hau eta zarata eta deskalifikaziorako etengabeko tentazioa izango dugu guztiok. Baina honen aurrean zer egin da kontua. Eskua luzatu nahi dizuet, tentazio horri muzin egin eta elkarlanean herri hau eraikitzeko prest zaudeten eragile eta herritar guztiei. Espainiatik datozkigun haize bortitza eta politika egiteko modu erasokorra alde batera utz ditzagun. Euskal Herrian posible da gauzak beste era batera egitea, eta baita Durangon ere. Badatorren Durango denona egin dezagun.