Freskura pixka bat

Erabiltzailearen aurpegia Ima Garrastatxu 2026ko maiatzaren 29a

Bero sapa itzela. Azken astean ez dago beste gairik gure ahotan. Batzuek esango dute bero egiten duenean bero egiten duelako kexatzen garela, hotz egiten duenean hotzagatik, eta euria ari duenean busti garelako.

Badu horrek egiatik baina, ukaezina da muturreko tenperatura eta fenomeno meteorologikoak gero eta ohikoagoak direla gurean ere, aste honetako beroa adibidez. Gainera, tendentzia hau areagotuz joango dela diote aditu guztiek. Eskura dauzkagun baliabideak egokitzen ikastea ezinbestekoa izango da, egoera hauei aurre egin edo eragina leuntzeko behintzat. Igerilekuen eta ur txorroten irekiera egutegia moldatzeko gaitasuna izatea adibide ona da nire ustetan. Horrez gain, epe ertain-luzerako erabakiak hartzea funtsezkoa da. Durangoko EH Bildun 5 helburu nagusi jarri ditugu horretarako: hirigunetik basoetaraino doan sare berdea osatzea, CO2 emisioak murrizteko plana egitea, biodibertsitatea indartzeko neurriak hartzea, Durangoren erresilientzia klimatikoa handitzea eta, behingoz, birika berdea eraikitzea. Ardatz bakoitzeko proposamen zehatzak ditugu, hurrengo 5 urteetan egingarriak direnak. Datorren astean trantsizio ekosozialerako proposamenean aurkeztuko ditugu. Hilabeteak daramatzagu proposamena ontzen eta, aurkeztu ostean ere, ekarpenak jasotzen jarraituko dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!