Zaindu gaitezen, mesedez

Erabiltzailearen aurpegia ImaGarrastatxu 2020ko mar. 23a, 11:08

Ez dira egun goxoak izaten ari inorentzat, eta, Durangoko alkate naizen aldetik, durangarrek eskatzen didazuen mailan egon nahian bizi dut egoera. Astebete baino gehiago igaro da berrogeialdia hasi zenetik, eta helburu bakarra dut: osasuntsu eta onik irten gaitezela egoera honetatik.

Ez dugu ahaztu behar Durango gu-guztiok osatzen dugula, San Faustoko ikasletik Tabirako jubilaturaino; Larrinagatxuko baserritarretik Harriputzuetako irakasleraino, edota Antso Estegizko margolaritik Magdalenako okineraino. Guztiok bizi dugu errealitate ezberdin bat, baina Durangon herri batu gisa jokatzen dugula erakusteko betebeharra dugu.

Horregatik, lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkizuet prebentzio neurriak modu eraginkorrenean betetzen saiatzen ari zareten durangar guztioi.

Izan ere, egunotan, Lourdes izeneko lagun min batek aipatu dit denborak esango digula herri gisa, kolektibo gisa, jokatzen jakin ote dugun. Nik ere, durangar guztiek bezala, egoera honetan nireekin egoteko beharra sentitzen dut. Baina udalerri hau ere gobernatu behar dut, eta argi dut garaia dela durangarrak gure politika eta erabakien erdigunean jartzeko.

Batzuek behartuta irten beharko duzue kalera, lanera, baina beste batzuek behar baino denbora gehiago emango duzue erosketak egiten edota txakurra paseatzen. Mesedez eskatzen dizuegu: egoera honetan izan solidarioak eta kontsekuenteak.

Durangon ez dugu udaltzaingo nahikorik izkina bakoitza zaintzeko, baina, pertsonalki, hori ere ez da bultzatu nahi dudan gizarte-eredua. Badakit agenteak beren onena ematen ari direla, eta publikoki eskertu nahi dut beraien lana, gu babesteko legea betearazten ari baitira. Dena dela, elkartasunean oinarritutako gizarte bat eraiki nahiko nuke, eta ez jarraipen polizialak areagotuz; auzolanean, eta ez inozokerian. Baina hori gure esku dago, ez beste inoren esku.

Ez dizuet gezurrik esaten Udalean egoera hau behar bezalako kezkarekin bizi dugula esaten dizuedanean. Bilera luzeetako egunak dira, orduz kanpo bazkaltzeko eta afaltzeko egunak. Erabaki garrantzitsuak hartzeko egunak, finean. Zentzu horretan, eskerrak eman nahi dizkiet teknikari, administrari, jakinarazle, gobernu-kide eta egoera hau aurrera ateratzeagatik beraien onena ari diren udal langile guztiei. Durangorekiko maitasunak eta ardurak batzen gaitu.

Kritikez haratago, orain ez da gaitzespenetarako unea. Denbora izango dugu asmatzeak eta akatsak aztertzeko, beraz, nire ahotik ez da inorenganako kritika publikorik aterako. Guztiok alboan lanean aritzeko garaia da, ez beste ezertarako, eta, horregatik, Udalak lanean jarraituko du durangarrak zaintzen.

Horri dagokionez, eguneroko Jarraipen Mahaiaren bidez hainbat neurri hartu ditugu durangarrak gure politiken erdigunean jartzeko. Hona hemen horietako batzuk:

- Zahar-etxean jantokirik gabe geratu diren adinekoei etxez etxeko banaketa egitea.

- Eskolako doako jantoki-zerbitzua jasotzen zuten haur eta gazteentzako etxez etxeko banaketa egitea.

- Laguntza-sare bat sortzea 300 durangar baino gehiagorekin, oraingoz (eta zorionez) lan handirik behar izan ez duena.

- Udaltzaingoaren protokolo berria, berrogeialdia ez urratzeko

- TAO etetea

- Udal langileentzako telelana ezartzea

- Udal langileei garbiketarako materiala banatzea

- Hainbat eremu desinfektatzea garbiketa-brigadaren bidez.

- Mankomunitatearekin lankidetzan aritzea baliabide gutxiko pertsonei laguntzeko

- Etxean ariketa fisikoa egiteko app-a aurkeztea

- Hondakin organikoen bilketa etetea, kontenedoreen bitartez birusa ez zabaltzeko

- Edukiontzien garbiketa areagotzea

Pandemia hau etetea da lehentasuna, eta helburu horretara ari gara bideratzen gure ahalegin guztia.

Zaindu gaitezen gure artean, adin, jatorri eta ideologiez haratago, batuta indartsuagoak baikara. Zaindu dezagun geure burua, gure senideena edo gure bizilagunena. Zaindu ditzagun agian ezagutzen ez ditugun pertsonak, behartsuenak edo urrun sentitzen ditugunak.

Zaindu zaitez eta zaindu gaitezen, mesedez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!