Akordatzen?

Akordatzen naiz Bilbokoa bakarrik zegoen garaian, Durangon ere Kafe Antzoki bat irekiko zutela entzun nuen hartaz, eta ireki zutenean izan zuen oihartzunaz. Ongi gogoan dut kotxea hartu eta Walls Of Jericho, Sick Of It All eta Terror hardcore kontzertuak ikustera joaten ginenekoa, Envy japoniarren zuzeneko bortitza, Fu Manchu-ren kontzertu pisutsua, eta kanpoan izotza egiten zuen gau hartan aretoa lepo beteta zela ia atetik bertatik ikusi behar izan genuen Vetusta Morla hasiberriena ere.

Ez dut ahaztuko Berri Txarrak ikustera joan eta Belako ezagutu nuenekoa, Willis Drummond-en disko aurkezpenera autobuskada bat joan ginenekoa, Anarik eta Napoka Iriak elkarrekin abestu zuten momentu magikoa eta Lisabörekin lepoko minarekin bukatu nuen gau hura. Akordatzen naiz ere, herriko mintzalagun taldea Durangoko Azokara ekarri eta Urtz-en kontzertuaren azken abestietan sartu ginela, eta San Fausto jai batzuetan parrandan goizeko ordu txikietan aspaldiko lagun batek hartutako ipurdikoaz. Baina bereziki oroitzen ditut talde kuttunari toallak kamerinora eraman nizkion lehen aldia, telefonoz lehen aldiz kontzertu bat guztiz lotu nuen momentua, hitzaldi batean jendea sartu ezinik gelditu zen hartakoa, ezin interesgarriagoa zen dokumentala ikustera lau katu etorri zirenekoa, ekitaldia aurkezteko mikrofono eta fokua nigan erdiratu eta begi-belarri guztiak gainean izan nituenekoa, eta Hitzez eta Ahotsez-en irakurri nuen lehenengo aldia. Baita adin txikikoen legearekin izandako buruhausteak eta ezin ulertuak, takilan izandako eztabaida eta lagunarteko elkarrizketak, eta pandemiaren etorrerarekin batera sortutako kezka eta zalantzak.

Asko izan dira bolada honetan horiek guztiak antolatzeko egindako bilera, kafe, e-posta eta telefono deiak, eta noski, bide horretan ezagututako pertsonak. Asko izan dira ere, algarak eta negarrak, pozak eta tristurak, besarkadak eta haserreak, hamasei urte ez baitira alferrik pasatzen. Eta zu, akordatzen al zara Plateruenan bizitakoez?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!