Jarrai dezagun blaitzen

Azken hilabeteotan Durangaldeko hainbat herritan —Euskal Herri osoan, oro har— izan ditugun kultur zikloak arrakastatsuak eta harrera onekoak izan dira. Bertatik bertara bizitzea tokatu zaidan Durangoko “Uda kulturaz blai”-rekin, adibidez, izenak dioen bezala, kulturaz blaitu da herria, eta adin eta gustu guztietarako egitarau zabalaz gozatzen ikusi ditugu herritarrak. Eskertuta azaldu dira asko eta asko, oporretan urrutira joateko gogorik gabe, inguruko herrietan doako kultur eskaintza izateaz. Baina doako eskaintza aipatzen den bakoitzean ziztada bat sentitzen dut barrenean, ongi baitakigu askok, ekitaldi horiek ez direla —eta ez dutela izan behar— debaldekoak. Azken boladan inoiz baino garrantzi handiagoa hartu duten erizain eta medikuek bezala, euren lana ongi burutzeko ikasketak egin dituzte teknikari eta produkzioko langileek, eta etxe azpiko okinak egiten duen ogi goxo hori ontzen denbora pasatzen duen bezala, mimoz eta denboraz ontzen dituzte beraien sorkuntza lanak eta abileziak musikari, dantzari eta bertsolariek, besteak beste.

Makina bat diru, denbora eta ilusio inbertitu du kulturgintzan ari den orok, eta askoren ogibidea ere bada. Aurtengo udan, herritarrek kulturaz doan gozatu ahal izateko, udalek lan horiek guztiak ordaindu dituzte, eta joan nahi zuen oro gonbidatu dute; baina etorriko dira inongo erakundek ordaindu gabeko kultur eskaintzak, eta horiek aurrera eraman ahal izatea guztioi dagokigu. Etxetik atera ezinik egon ginen denbora luze hartan auzoko okina eta alboko baserritarra zeinen garrantzitsuak diren ikasi genuen bezala, gogora dezagun musika, antzerki, dantza edo artelan batek eman ziguna —eta ematen diguna gaur egun ere—, entretenimenduaz gain gure izaera osatzen baitute. Horregatik, kultur ekitaldi baterako sarrera ordaindu behar denean, pentsa dezagun lansarien hondartxo bat dela, gogora dezagun udan gonbidatu gaituztenean zeinen ongi pasatu dugun bertan, eta jarrai dezagun kulturaz blaitzen datorren aro honetan ere!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!