Berezitasunik gabe, berezi

Konfinamendu garaian sortu den kulturaren kontsumoak argi utzi du –aurretik inork zalantzarik bazuenzeinen garrantzitsuak diren liburu, disko, komiki, antzerki, dantza, bertso, margo, kontzertu… eta abarrak gure ongizaterako. Streaming-a nagusi bihurtu zaigu hile batzuez eta sortzaile askoren etxeko egongelak eta entsegu lokalak ezagutu ditugu denbora horretan, berdin baitzitzaigun zein baldintzatan ikus-entzuten genituen, gure garuna elikatzen zuten kultur-pilula horiek jasotzen genituen bitartean.

Baina atzera begira jarriz gero, duela urtebete adibidez, oso bestelakoa zen egoera, publikoa zuzenekoetara joateko ahaleginetan izugarriak egin behar izaten baitziren. Esperientzia berezi modura eskaintzen zirenak, formatu berezietan, leku berezietan, aurrez jakin gabekoetan, eta batzuetan zer ikusiko genuen ere jakin gabe… Baina berezia behar zuen, ezinbestean, jendea ikuskizunetara joateko, honek emanaldiak berak baino garrantzi gehiago hartuz batzuetan. Sare sozialek ere izango dute errua agian, hor azaltzen baikenituen ez dakit zein lekutako eszenatokia edo ez dakit nolako apainketa. Akordatzen naiz, gaztetxoak ginenean, nola joaten ginen astebururo herriko gaztetxe, taberna eta aretoetara, edozein zelarik ikusi eta entzungo genuena, eta edozein zelarik formatua, inongo apainketa berezirik gabe, emanaldiak berak eskaintzen zuenaz soilik gozatzeko asmoz. Eta, zin dagit, sare sozialetan jartzeko argazkirik ateratzen ez bagenuen ere, bertan sortzen zen giroa, artisten eta publikoaren arteko feedback-a, inongo berezitasunik gabe, ezin bereziagoa zela.

Egia da gaur egungo egoerak ez digula askatasunik ematen zuzeneko emanaldiak nahi bezala disfrutatzeko, baina musukorik eta aforo murrizketarik gabeko garaiak iristen direnean, areto, gaztetxe eta taberna zuloak inongo parafernaliarik gabeko emanaldiak antolatzen hastean, jendearen erantzuna zein den ikusi beharko da. Nik, behintzat, izugarrizko gogoa dut albokoaren izerdia ere usaindu dezakezun kontzertu batean egoteko, zuek ez?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!