Kultura lana da

Hala du izena zoritxarrez Durangoko Azokan bertaratzerik izan ez baina zorionez sareetan ikusteko aukera izan dudan mahai-inguruak. Ertz ugari jorratzen dituzte, baina izenburuak berak soilik zer pentsatua ematen du.

Eztabaida asko sortu izan dute kulturaren profesionalizazioaren ingurukoek, eta egia da horretan dihardutenen aldetik ulertzeko modu ezberdinak daudela, batzuek zaletasunetik sortu edo ekoizten dute, besteak beste, baina beste askok, zaletasuna izateaz gain, profesional gisara ari dira, pasioa ez ezik ogibidea ere izanez. Arazoa da hartzaile eta antolatzaile askok kultura baldintza profesionaletan jaso nahi dutela, profesionalki baloratu gabe. Zenbat bertsolarik jaso ote dute ezkontza batean abesteko eskaria, zenbat idazlek testu bereziren bat sortzekoa, zenbat musikari eta teknikarik kontzertu bat egitekoa, zenbat ilustratzailek ipuin baterako irudiak marraztekoa… guztiak musutruk, kultur arloko lanak, aisialdiari lotuak izanik, ofizio izango ez balira bezala; geuk goza dezagun, langile hauek ikasketarik, lanordurik eta buruko minik izango ez balute bezala. Orain gogoan ez dudan musikari batek horrelakoetan beti gauza bera erantzuten omen zuen, “argindarra, edaria, muntaia etabarrak musutruk lortzen dituzuenean, nik ere musutruk emango dut kontzertua, baina beste guztiek kobratzen duten bitartean ez eskatu niri debalde lan egin dezadan”. Kulturan ere, lanagatik kobratzen ez bada langileak berak hala erabaki duelako izan behar baita, beste edozein ofiziotan gertatzen den bezala.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!