Esperientzia ahaztezina?

'Esperientzia ahaztezina' jartzen du sarreran, eta jende-ilara luzea pasa ondoren, beste mundu batean zaudela dirudi. Koloretako bonbilaz beteriko zuhaitzak alde batean, haien ingurutik arropa marka ezagun bateko telazko poltsaz beterik atera den neskak bat oparitu dit!

Postu txiki ugari korridore bat osatzen, karaoke bati begira gelditu naiz, agian espainiar abesti mitikoren bat abesten ere ausartuko naiz, “como una ola” edo. Mostrako patata zorro bat oparitzen dute alboan, izugarrizko jende-ilara dago, baina dedio, merezi du, debalde da eta! Aurrerago dagoen postuko dj-aren inguruan ere jendea ari da dantzan, zergatik ote dute guztiek txapel berdina? Kamioitxo batean datozen neska-mutil batzuek likore txupito batzuk eman dizkidate, zuzenean ahora! Aurrean dauzkadan zapatila zuriak erosi eta pertsonalizatzeko txokora joan naiz, eta aurpegia makillatu didaten lekutik, nire telesail gogokoenaren mozorroa jantzita argazkia atera dut, sare sozialetan traola ugarirekin elkarbanatuko dudala zin eginez, segituan noriara igotzeko. Goitik ikusten den jendetza eta argi erakustaldia izugarria da! Izenik ere ezagutzen ez dudan herrialde bateko janari pikantea jan eta beste txupito batzuk hartuta, giri bat hasi zait hizketan, glamping delakoa zer den badakidan galdezka. Kanpin-denden jauregia omen da, glamourrez betea, eta hura ezagutzera eraman nau, eskutik helduta, alkohol eta noriaren artean sortutako zorabioaz eta oparitxoz beteriko poltsaz. Baina inoiz ahaztuko ez nuen esperientzia hau ez al zen, bada, musika jaialdi bat?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!