Betikotasunean ahaztuak

Nik ere izan nuen abesti gustukoena grabatzeko ohitura hori; eta lagunarena, hari bidaltzeko; argazki pare bat etxekoei, zeinen gustura nengoen erakusteko, eta nola ez, taldearen abesti mitikoena, sareetan jartzeko. Baina ongi gogoan dut BEC-en Rise Against eta Berri Txarrakekin batera Refused taldea izango zela iragartzean mugikorrik gabe joatea erabaki nuela, musikalki nigan eragin handia izan duen taldea lehenengo aldiz zuzenean ikusiko bainuen; eta pogoetan sartuko banintzen, ez nuen enbarazu egingo zidan ezer nahi.

Soilik garagardo batzuk hartzeko dirua eta kotxeko giltza poltsikoan hartuta joan eta izugarrizko askatasuna sentitu nuen, noren gustuko abestia zetorren edo argazkia ateratzeko momentu egokia zen adi egon beharrik izan gabe –are gehiago Berri Txarrakek Denak ez du balio jo eta Tim McIlarth ateratzean guztiek ezinbestean grabatu behar izan zutenean-. Ordutik, argazki edo bideoren bat egiten badut ere, eta tira, baita batzuetan sareetan ipini, nire buruari zin egin nion handik aurrera kontzertuaz momentuan eta zuzenean gozatuko nuela, eta hala egiten dut, saltoka, abestuz, dantza eginez, eta batzuetan –barka nazatela- zirraraz albokoari traba pixka bat eginez ere.

Kontzertuak pantaila bitartez ikustera ohituak gaude, betirako oroitzapen moduan gordetzekotan, baina mugikorretako argazkien albumetan atzean gelditzen joaten dira, betikotasunean ahaztuak izan arte. Gorde ezazue mugikorra kontzertu batean zuek ere, eta konturatuko zarete, zuzeneko bat pantailan ikusteko, hobe dela etxean ikustea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!