Dena den, horrek baino gehiago arduratzen nau guztiek kontzertuetara joateko eskubide bera izanik, zein jende gutxi inguratu izan den azken urteotan astebururo han-hemenka dauden zuzenekoetara –nahiz eta azken hilabeteotan goranzko joera bat ere nabari izan dudan-, zeren jakina da, Berri Txarraken kasua ez da errealitatearen ispilu.
Azken urteotan izugarrizko hazkunde ederra eman da Euskal musikarien aldetik; pozgarria da inongo konplexurik gabe gustuko duten estiloa jorratzen dituzten taldeak ikusi eta entzutea, eta iruditzen zait entzulegoaren zati zabal baten gustuak asetzeko bezalako musika panorama daukagula gaur egun.
Beraz, lehen aipatu Iruñeko kontzertuetarako sarrerarik lortu ez duten zaleek taldea ikusteko beste hainbat aukera aprobetxatu ahal izatea espero dut, baina, batez ere, urteko kultur gertakizunik garrantzitsuenetakoa delako bertaratzen diren horiek zuzenekoen zera bereziaz kutsatu eta beste batzuetara joaten hasteak poztuko ninduke. Agurtu ditzagun badoazenak eta zaindu ditzagun gelditzen direnak, merezi duten bezala.