Duela gutxi, parrandan, musika komertziala ipintzen duten taberna batean kaña bat edaten eman genuen denboran, atzerriko hainbat abesti jarri zituzten, Gatiburen bi abestirekin tartekaturik. Hor hasi zen Euskal patxanga delakoaren eztabaida lagun artean. Zer den Euskal patxanga eta benetan hori nahi dugun gure herriarentzat. Orduan konturatu nintzen, Euskal patxanga horrengatik izan ez balitz, taberna horretan atzerriko musika bakarrik entzungo genukeela.
Euskal Herria anitza dela lau haizetara aldarrikatzen dugun garai honetan, musikari dagokionez gizarte elitista bat bilatzen dugula iruditzen zait batzuetan, kultuzko talde alternatiboak goratu eta patxanga edo komertziala arbuiatuz. Bada, gizartea anitza izango bada, musikak ere hala behar du, eta Euskal rock&rolla bezala, Euskal reggaetoia, Euskal technoa eta Euskal death metala behar ditugu, euskaldun guztiok geure gustuko musika geure hizkuntzan entzuteko aukera izan dezagun.
Nik ere egotzi izan diet gustuko ez ditudan taldeei txarrak izatea; beraz, aurrez idatzitakoa autokritika bat izateaz gain, barkamen eskea ere izan dadila.