Talde paregabea osatu dugu. Inguruan pertsona konprometituak, langileak eta zintzoak dituzunean, zoragarria da lan egitea. Parte hartzean, gardentasunean eta kudeaketa on batean oinarritu gara bi urte hauetan zehar. Herritar eta eragileen laguntzarekin batera eginiko 100 neurriko Gobernu Planak lau urtetarako norabidea zehaztu digu, eta guk hari –eta herritarren proposamenei, noski– segika lan egin dugu. Izan ere, badakigu zertan ari garen eta nora goazen.
Aurten soilik, Belenguan irisgarritasuna hobetzeko lanak, Ibarrako espaloia, Arriolako teilatua, Kiroldegiko frontoiko komunak eta aldagelak, Musika Eskolako komunak, Gazteen diagnostikoa egiteko partehartze prozesua, Herri Ikastetxeko leihoen II. fasea, Gurutzeen Ibilbide berria, Elorrioko Udak, Argiñetako baselizako teilatua, Errebonbilo kaleko urbanizazio lanetarako proiektua erredaktatzea, Harrera Protokoloa, Ferixa Nausikoak (bir)planteatzeko prozesua eta beste hainbat eta hainbat gauzatan ari gara lanean.
Horiez gain, dagoeneko datorren urteko balizko proiektuak ere lantzen hasiak gara.
Geratzen zaizkigun bi urteak erronkez beteta datozkigu, -esku bete lan ibiltzea seinale ona ei da- eta hainbat proiektu interesgarrik argia ikusiko dute datozen hilabeteetan. Baina horrek ez du esan nahi ibilbidea bakarrik egiten ari garenik edo egingo dugunik. Ibilbide hau elorriarrekin eta Elorrioko elkarte zein eragileekin batera egiten ari gara eta egingo dugu.
Bidean elkar ikusiko dugulakoan, besarkada bat.