Urrun geratzen zaizkigu telebistan ematen dituzten gerraren irudi gogor eta anker horiek. Hala ere, Elorrion –bai, Elorrion– bere krudeltasun osoan ezagutu zuten gure arbasoek. Urteak aurrera joan ahala, geroz eta gutxiago dira garai horiek gogorarazteko aukera dutenak; zerua ‘su kolorez’ ikusi zutenak. Erreka kalea hankaz gora, herri inguruko errebala suz beteta, izua elizako lur-azpiko tuneletan, errepresioa, fusilaketak eta abar luze bat bere gordintasun osoan bizi zuten.
‘Iragana ahaztu gabe, etorkizunera begiratuz’ da aukeratu dugun leloa bonbardaketa krudel horren 80. urteurrena oroitzeko. Beraiengatik egiten dugu, guregatik eta etorriko direnengatik. Inoiz ez ahazteko gure amamek eta aititek bizi izan zutena.
‘Santalutziako txabolostien’ dagoen hari errespetua zor diogu. Hari, hildakoei eta gerra bizi izan duten guztiei, gure ilobak izango direnei... Asko maite dudan pertsona batek beti gogorarazten dit “etorkizunera begiratzeko, nondik gatozen jakitea ere beharrezkoa daukagula”. Ni ere horretan nago.