Ekimen berrizalea izan da Ibilaldia 2016 honetan abian jarri duguna, hainbeste kezkatzen gaituen arazo larrienetako bati alternatiba parte-hartzaile, sortzaile, aktibo eta eraginkorra proposatuta. Heziketa-mailan hezkidetza bultzatzea dugu helburu, baina gure ikastoletako kide guztien bizitzako bestelako testuinguruetan eragitea ere beharrezkoa ikusten dugu. Parekidetasuna helburu izanda, nola ez eragin hain garrantzitsua den jai-giroan, kulturan, aisialdian… Horretara etorri dira eragile moreak, eta geratzeko eta hedatzeko izpiritua dute zalantzarik gabe. Are gehiago egindako ekarpenaren baliozkotasuna ikusita.
Peto eta pegatina moreen presentzia nabaria izan da, bai komunikabideetan izandako oihartzuna dela eta, bai Ibilaldi egunean bertan paisaian ezarritako kolore morearen zipriztintzeagatik ere. Presentzia horrek, gainera, hainbat gauza adierazi ditu eta eragin zuzena izan du jaian izandako giroan. Pentsatu nahi dugu gure presentzia hutsak txipa piztuta izatea eragin diola jende gehienari eta horrek eragina izan duela jokamoldeetan.
Zalantzarik gabe Ibilaldia 2016an arazoak egon dira, jarrera ez-egokiak nahi baino gehiago izan dira, gure presentzia hutsak bestelakoak bultzatu badituzte ere. Arazo horien arteko asko eraso sexistatzat hartzeko modukoak izan dira (arrisku egoerak, irainak, borrokak eta intimidazioak). Horien aurrean eragile moreek aktiboki esku hartu genuen. Horietako asko saihestu ditugu, erasotuak izan zitezkeenei babesa eman diegu, eta, batez ere, jarrera ez-egoki horien gainean fokua jarri dugu; agerikoak egin ditugu normalean “arruntzat” jotzen diren hainbat jokamolde erasokor, iraingarri edota oldarkor.
Horregatik, benetan eskertzen dugu petodunek zein pegatina moredunek egindako lana, gogoz eta arduraz aritu baitzineten/ginen. Gure presentzia eta lanaren ondorioz, antzeman genuen hainbat emakume jai-espazio horietan seguru sentitu zirela. Hori ez da gure uste edo pertzepzio hutsa, ez; horren inguruko testigantzak ere jaso ditugu.
Baina errealitatea ezin ezkutatu: kasu askotan harremantzeko modu kezkagarriak eta batzuk nahiko bortitzak sumatu dugu. Bereziki kezkatzen gaituzte gazte gehien bildu ziren tokietan gertatutakoak. Aurrera begira landu beharreko esparrua da, etorkizuna euren esku egongo baita. Hala ere, horien eredu diren nagusiagoengan ere arreta jarri beharko dugu, fosilizatutako jarrera, diskurtso eta jokamolde askok gazteagoenak ahalbidetzen eta bultzatzen baitituzte.
Lan horrek guztiak zer pentsatua eman digu, eta argi daukagu harremanen afera lan ildo garrantzitsua dela. Eredu diren harreman osasuntsuak elikatzeko gaitasuna duten gazteak egon ziren. Nagusi eurek izan ziren, gainera. Bai horixe! Horregatik talde morearen estrategiaren baitan harreman horiek erakargarri egitea izango litzateke gure hurrengo taktika.
Gizartea eraldatzeko beharra ikusten dugu ikastolok. Prozesu horretarako eragile moreek abiatutako lana eraginkorra dela ikusi dugu, eta bide horretan sakondu beharra dagoela uste dugu. Gure mundua hemendik hasi dagigun!
Ibilaldiko parekidetasun taldea (Talde Morea)