Sukalde proba

Erabiltzailearen aurpegia Ibilaldia 2016 2016ko api. 11a, 14:04

Erronka ederra zegoen botata domekarako Durangoko Andramari elizako arkupeetan. Dei horri erantzunez, gogotik aritu ziren, sukaldaririk onenen pare, Bizkaia osoko gazteak.

Goizeko hamarretarako hogei talde bildu ziren beste horrenbeste mahairen inguruan. Mahaietan kutxa bana eta kutxen barruan burutu beharreko errezetak eta zenbait osagai. DBHko ikasleak urduri, hasteko irrikitan, 10:00ak pasatxo zirenean Zigor Iturrieta Txoriene saioko sukaldariak eta Kurutziagako ikasle ohiak hasiera eman zioten Erronkari. Egitekoak paella eta tostadak eta kutxa barruko osagaiak oilasko izterrak, olioa eta arrautzak. Gainontzeko osagaiak eta tresnak euren kabuz lortu behar izan zituzten! Baina igandea izanik... kalez kale, etxez etxe eta tabernaz taberna ibili ziren gazteak osagaiak lortzen. Tresnak lortzeko, berriz, galdera batzuei erantzun behar izan zieten.

Zalaparta eta giro aparta Durangoko erdigune osoan zabaldu ziren berehala. Bitartean, paella handi bat eta lumagorri oilasko-izterrak brasan prestatu zituzten Urko eta Asier Garate anaiek eta Saltsaneko Iñaki Uribek ikastolako langile askoren laguntzarekin. Ausolanek eta Saltsanek lagunduta prestatu ziren jateko horien usainak eta giro apartak jende ugari erakarri zuten eta askok bertan bazkaldu zuten.

Hamabi eta erdiak aldera paellak eta tostadak amaituta eduki zituzten talde gehienek. Batzuek azken uneko ukituak ematen luzatu ziren baina denak heldu ziren ordurako.

Lan zaila izan zuten Pili, Mila eta Lurdes epaileek. Arituak eta adituak ditugu hirurak ere, eta maila handia aurkitu zutela adierazi zuten. Etorkizuneko Mitxelin izarren bat egon ote zen gure artean?

Ikusmira handia sortu zen bertaratutako guztien artean epaileen emaitzaren zain. Iritzi orokorra izan zen itxura aldetik, behintzat, maila altua erakutsi zutela talde guztiek, eta antza denez, itxuraz ez ezik, zaporez be ederto egon ziren, ia-ia ezer ez baitzen sobratu talde gehienetan! Sake onekoak dira ikastoletako gazteak!!

Azkenean “Pentsatzeke” taldekoak izan ziren txapeldunak. Aurrea hartu zieten beste talde guztiei, baina esan daiteke domekan guztiek irabazi zutela, izan ere, denen artean giro aparta lortu zuten eta sukaldean maila handia erakutsi.

Gainera, txapelketa ez zen atzo amaitu. Datorren apirilaren 24an bigarren erronka izango da. Lekeition jarri dute hitzordua. Han ur-jokoak egin beharko dituzte puntu gehiago lortzeko. Ordurako, ugerrean entrenatzeaz gain, bestelako etxerako lanak jarri dizkiete parte hartzaileei: taldearen bandera pirata egin beharko dute.

Azken proba Ibilaldi egunean bertan izango da. Ginkana mundialean erabakiko da aurtengo Erronkaren talde irabazlea zein den.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!