Beste bat arte, irakurle

Erabiltzailearen aurpegia Ibai Zabala Gandarias 2023ko eka. 16a, 09:58

Tokikoak globalizatuaren plaza inbadi dezake, hori dela-eta nahi dute lehena ixilik, bazterreko. Hizkuntza azpiratuak hizkuntza zapaltzaileari aurre eginez jartzen du azken honen hegemonia kolokan, hargatik nahi dute bera otzan, esaneko. Hitzak askatasuna ematen du, horregatik nahi gaituzte mutu, gatibu. Eta nik horregatik guztiagatik erabaki nuen Anboton zutabegile gisa aritzeko proposamenari baiezkoa ematea: tokitik eta euskaraz elikatzen gaituelako. Eta zer hoberik horren konplize izatea baino.

Bi urteko ibili honetan, asko eta askotarikoak izan dira zutabeetarako hautatu ditudan mintzagaiak. Mintzagai horiei begira jarriz sortu zaizkidan pozez eta, batez ere, kezkez hausnartzen eta horiek guztiak testu bakoitzean egoki josten saiatu naiz, baita beren bidez irakurleari gogoetarako bide bat zabaltzen ere. Errutina deitzen dioten eguneroko sorgin-gurpilean horretarako tartea ere falta baitugu: pentsatzeko, hausnartzeko denbora.

Baina bide horretan albora egitea tokatzen zait orain, lan instituzionala eta astekari bateko zutabegintza ez baitira bateragarriak askoren begietara; ez dadin interes desberdinen arteko talkarik egon, inork ez ditzan hedabide bikain honen izena eta izana zalantzan jar.

Lekunberriko musika talde batek honakoa abesten zuen: “Hasi eta bukatu egiten diren gauzen multzo horretan dago maitasuna”. Bada, nik maitasuna ez, baina maitasunez gordeko dut motxila horretan Anboton zutabegile lez jardun dudan garai hau; herri eginez.

Mila esker eta beste bat arte, irakurle.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!