Sistemak, bizitza aprobetxatzea, argiaren abiaduran bizitzea dela esan digu, egunerokoa soseguz betetzea denbora alferrik galtzea dela. Sosegu hori bilatuz gero, Karibeko hondartza bateraino joan beharra dagoela; bertan baino ez dela aurkitzen, ez egun eguzkitsu batean herriko erreka kontrako bankuan. Eta sinetsi egin dugu.
Ez gara konturatzen, baina sistemak berak idazten digu aurretiaz gure egunerokoa: zer ikasi, zer ikusi, zer nahi, nola bizi. Eta horretaz jabetu ordez, nahiago dugu inoiz baino askeagoak garen gezurra sinestea, askoz erosoagoa baitzaigu hala bizitzea: gidoia jarraituz.
Eta gidoi horrek, presaka bizitzeaz gain, bakoitzak bere kolkora begiratu behar duela diosku. Ahaztu egin behar dugula amets kolektiboen garai hura, non taldearen proiektuak eta norbanakoaren ametsek bat egiten zuten, baita elkar elikatu ere. Burutik kendu behar dugula gure herriaren eta hizkuntzaren aldeko borroka, jarrera itxiegia, primitiboegia, barbaroegia dela hori egun bizi garen gizarte globalizatu eta moderno honetan. Eta onartu egin dugu.
Leire Bilbao idazle ondarroarrak esaldi bakarrean eta ezin hobeto laburbiltzen du guztia: “Ametsek agintzen ziguten lehen, ez amesteko agintzen digute orain”. Eta guk, nola ez, obeditu.