Memoria

Asko dira etxean gurasoen ahotik entzun izan ditudan pasadizoak. Barregarriak batzuk, negarra ere eragiterainokoak; mozkorraldiekin edo herriko xelebrekeriekin lotutakoak gehienak. Besteak, ordea, mingotsak, kontatu ahala aurpegia ere belzten zaien horietakoak.

Bada, garratz horietako batek 41 urte bete zituen aurreko astean: Espainiako zerbitzu sekretuen agindupean zegoen Batallón Vasco Españolek Berrizko Ganeko Etxe jatetxean jarri zuen bonbak. Garratza oso nire gurasoentzat, ez Berrizen gertatu zelako bakarrik, lehergailuak eztanda egin zuenean tabernan zeudelako baizik. Ganeko Etxek tabernaren eta jatetxearen aldeak banatuta zituenez, tabernan zeudenak ez ziren zauritu: “Han gengozala kriston danbatekue entzun zan: argi danak juen zien, atie blokeau zan… Zelan edo halan atie bota gendun eta urten ginen bertatik. Orduen, Lourdes (momentu hartan jatetxean zerbitzari lanetan zebilena) ikusi gendun arpeixe metrailiaz jositte, odol batien koittaue; kotxien sartu eta Durengoko anbulatorixora erun gendun. Gero, ospittelera erun eben bertatik. Zorixonez, onik urten zan”.

Horrez gain, leherketa gertatu baino lehen jatetxean afaltzekotan zegoen eta bertan otorduak egiteko ohitura handia zuen nire osaba, “etxien afarixe prest dekok” batekin nire gurasoek etxera bidali izana ekarri zuen patuak. Agian, patuak berak ere eragin zuen hildako edo zauritu larririk gabe pasa zedila ekintza hura ahanzturara, Berrizko herriaren oroimenean baino geratuko ez zen gertaera ilunen biltegira. Eta horregatik idatzi dut hau; ez patuagatik, memoriagatik baizik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!