Aniztasunaren tranpan

Erabiltzailearen aurpegia Ibai Zabala Gandarias 2022ko urr. 14a, 10:00

Azkenaldian bada zenbait politikariren ahoak eta hainbat txostenen orrialdeak bustitzen ari den hitz bat: eleaniztasuna. Gure hizkuntzaren arnasa ito nahian aritu den elebidun hitzaren alaba dela esango nuke; bera ordeztera datorrena, nola forman hala funtzioan.

Ez ezazu pentsa, irakurle, hizkuntzak ezagutzearen eta ikastearen kontra nagoenik, ezta gutxiago ere; baina bai horren aitzakian erdalzaleak zabaltzen ari diren mezu tranpatiaren aurka. Zeren, gure lurrean, euskaldunak eta beren ama hizkuntzarekin batera mugitu diren migranteak baikara, nagusiki, elebakar ez direnak. Guk izan behar dugu eleaniztun, guretzat aberasgarria denaren zuribidean; erdal elebakarrak, nagusi den hizkuntza hegemoniko horren jabe baino ez direnak, lasai asko bizi diren bitartean.

Horrek argi eta garbi erakusten digu hizkuntza aniztasuna ez dugula, nahiz eta hala beharko lukeen, berdinen arteko bizikidetza, hizkuntza hegemoniko batek besteekiko ezartzen duen isilpeko dominazio egoera baizik. Alegia, aberastasunaren eta errespetuaren adierazgarri izan beharko lukeenak, praktikan, mendeko izatera garamatzala.

Beraz, diagnostikoa argia da: aniztasunaren aldarria berea arriskuan ikusten ez duenak egingo du beti, eta, tamalez, euskara ez dago tropel horretan. Hemen, Euskal Herrian, euskarari dagokio aginte-makila izatea, euskara da funtzio nazionalak bete behar dituena, hori baita bere biziraupena bermatuko duen bidea. Betiere Euskal HerriKO hizkuntzak errespetatuz, noski, baina Euskal HerriARENA zein den argi izanda.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!