Jolas daitezela

Erabiltzailearen aurpegia Ibai Zabala Gandarias 2022ko ots. 25a, 09:15

Duela hilabete batzuk astekari honetan idatzi nuen artikulu bat zela-eta, gizon batek kalean gelditu ninduen. Idatzi hartan gureak diren eta galtzear edo galduta ditugun eskualdeko euskarazko hitzen inguruan egin nuen berba, eta gizonak honakoa bota zidan: “berba batzuk galdu juauz, baina beste batzuk txarto erabiltzen gabizek. Beittik, oingo umien artien iñor ez dok jolasten, danek jokatu eitten juek. Oin dana dok jokatu”. Arrazoi osoa zuen gizonak, bi aditz horiek ez baitute, ez esanahi, ez erabilera bera.

Alor gramatikalari dagokionez, jolastu aditza beti NOR kasuan erabili behar da; alegia, “umeak txin-txaunetan jolastu DIRA”. Eta, horrez gain, jolastuk adiera edo zentzu ludikoa du, atsegin hartzeari lotuta doana. Aldiz, jokatuk joko batean aritzeari egiten dio erreferentzia. Ez dakit bata bestearekin nahaste horrek hizkuntzaren erabilerarekin soilik duen zerikusia, edo hizkuntzaz haragoko hausnarketa bat egin beharko genukeen.

Gero eta lehiakorragoa den gizarte eredu batean bizi gara, ondo pasatzea baino, elkarren arteko indarrak neurtzea eta garaile ateratzea garrantzitsuagoak diren batean. Umeak helduak balira lez hartzen dira, eta herriko plazara joan ordez, futbol-zelai, frontoi, igerileku eta abarretara doaz, entrenatzera. Etorkizuneko profesionalak guraso gaixoen, ez gizajoen, begietan.

Ez ditzagun jolastokiak joko zelai bihurtu, ezta umeak heldu ere. Jolas daitezela gau eta egun, irribarre bat ahoan dutela, harik eta jokoak bere atzaparretan hartzen dituen arte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!