Karramarroen antzera

Erabiltzailearen aurpegia Ibai Zabala Gandarias 2021ko ira. 13a, 10:29

Badoakigu bigarren uda atipiko hau tunelaren amaierarantz. Irailak askoren nekeak berpizten ditu; hostoak orbel bihurtzen diren bezala zimurtzen dira bekokiak. Esan liteke, iraila eta astelehena, kalean zehar ostadar koloredun poltsa zintzilik daraman pertsona edo eskutik helduta eta muxuka doazen neska edo mutil parea bezalakoak direla, begirada okerren eta zorigaitzeko hitzen eta ekintzen biktimak. Hala erakusten dute astelehen goizetan edo irailaren lehen egunetan ikus litezkeen kopeta ilunek, baita udan gure herrietako kaleetan gertatu diren eraso homofoboek ere: Zornotza, Amurrio, Bilbo, Gasteiz… zerrenda luzea, zoritxarrez.

Ez da nire asmoa inongo kolektiboren bandera hartzea, halakorik egitea ez baitagokit niri; are gehiago, guztiz itxurazalea litzateke. Baina, gizarte bezala, horrelako erasoek gurean egin duten gorakadaren inguruan hausnarketa sakon baten beharrean gaudela uste dut. Patriarkatuaren eta matxismoaren uretako arrainak garenok, badakigu haziz joan garen heinean busti garela bateko eta besteko ideiez. Zorionez, eta mugimendu feministaren eta LGTBI kolektiboaren lan bikainaren ondorioz, gizartearen gehiengo bat bere heziketa garai horretan jasotako mezu horien inguruko galderak eta hausnarketak egiten hasia zela uste nuen. Baina, bai udan gertatu diren erasoek, bai sare sozialetan irakur litezkeen astakeriek, nire uste horiek usteldu dizkidatela esango nuke. Karramarroen antzera, atzerantz goaz.

Egoera hau zuzentze aldera, hiru bide daudela iruditzen zait: heziketa, elkartasuna eta borroka. Heziketa, etorkizuneko gazteen eta ez hain gazteen artean askatasun sexualaren inguruko kontzeptu eta ideiak zabaltzeko, eta horiek barneratzeko. Gazteak dira etorkizuna, ez ahaztu. Elkartasuna, gizarte bezala horrelako erasoak jasaten dituzten pertsonei babes osoa eskaintzeko; baldintzarik gabeko babesa. Berriz diot, baldintzarik gabeko babesa; lehen momentutik azkenera arte (seguru bat edo beste Madrilen duela gutxi gertatu zen salaketa faltsuaren ingukoak pentsatzen hasia dela jada; bada, zuek zarete arazoa). Eta borroka; kalera irten, salatu eta hortzak erakutsi. Hori guztia denoi dagokigu, gizarte osoaren erronka izan beharko bailitzateke berdintasunean oinarritutako taldea eratzea. Ez dezagun denbora gehiagorik gal.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!