Euskara egunerokotasuneko hizkuntza bizi hori izatetik, eskolako edo akademiako hizkuntza besterik ez izatera egiten ari den zorigaitzeko bide honetan, zur eta lur geratuko ginateke belaunaldiz belaunaldi galtzen joan diren hitzen zenbatekoa jakingo bagenu. Eta gertatzen ari den oharkabeko sarraski horretan, gure aitona-amonak dira hitz horien arnasgune bakar. Ez dut gogoko azkenaldian soziolinguistikan horrenbeste erabiltzen den arnasgune hitza, behin Angel Errori irakurri nion lez, hortik kanpokoak itogunea baitirudi. Baina, kasu honetan, egoerari bikain egokitzen zaiola uste dut.
Kirmen Uribek idatzi zuen poema eder batek hala dio: “Hil ziren izenak. Amonak urtxintxa esateko zerabilen katamixar hura adibidez, ardilli esango zioten umeek aurrerantzean”. Gure eskualde honetan ere non geratu dira aldapa esateko irripa, gogaikarria dena definitzeko koipelustre, Anbotok izaten duen txapel edo laino hori adierazteko amillena, edo artikulu hau idazteko sua piztu didan mantarreko ume.
Hitzak hiltzen ari gara; bai, gu, eta ez gara horretaz jabetzen.