Gure Durangalde hau ere ez dago bada horrelako eztabaidetatik salbu, eta, aurreko astean jakin genuenez, Abadiñoko Udalean ere izan dute zaintzari lotutako gertaera batek sortutako xextra. Oposizioan dagoen EH Bilduko Mikel Urrutia zinegotziak aitatasun baimena hartu du. Baimen horrek dirauen bitartean, udalean betetzen duen lanaldi erdiko jarduna beste zinegotzi batek bete dezala eskatu du, duela gutxi onartu zuten III. Berdintasun Planean ere horrelako egoerak jasotzen baitira. Baina udalak ezezkoa eman dio.
Lehenik eta behin, gertakari hori hurbiletik bizi eta ezagutzen dudala aitortu behar dut, Mikel Urrutia nire lagun mina baita; beraz, barkatu nire neutraltasuna desbideratu egiten bada momenturen batean. Ulertezina iruditzen zait udalaren erabakia. Nire senak diost, oposizioan dagoen eta horrenbeste gogaitzen dituen potrozorria lau hilabetez ahazteko, eta denbora tarte horretan beren poltronez lasaiago gozatzeko mugimendu bat izan dela. Moralaren joko zelaitik kanpo egon arren, beren interesen aldekoa izan dena. Zikina.
Baina lasai herritar maitea. Beti izango dute martxoaren 8a elastiko morea jantzi, herriko plazara irten, pankarta eutsi eta beren lotsak garbitzeko. Ondoren horren guztiaren zabalkundea ere egingo dute sare sozialen bitartez; estetika beti etikaren gainetik, noski. Zoritxarrez, horrelakoa da herri honetako sektore batek politika ulertzeko duen argazkia edo ideia: azeria oiloen predikaria.
Hala eta guztiz, udaleko potrozorriak bilatu du bidea; Gizarte Segurantzan udaleko lanetik baja eman, eta beste zinegotzi bat izendatu. Norbere kaltetan doan bidea hartu, herriaren onetan jokatzeko. Bitartean, azeriak bere azeri-zuloan gordeta darrai, estrategia eta argazki berrietan pentsatzen; eta potrozorriak saltoka jarraitzen du, hona eta hara. Naturaren bizilegea.