Burbuila txikiak

Erabiltzailearen aurpegia Ibai Zabala Gandarias 2021ko mai. 27a, 12:42

Nork pentsatuko zuen duela urte eta erdi gaur egungo egoera honetan biziko ginela? Zenbat aldiz errepikatu ote dugu galdera hori gure bostean, etxeko leihotik eguzkiari eta inguruko baso berdeei begira; familiarteko egonaldi jendetsu horien faltan, lagunarteko garagardoen eta kontakizunen beharrean. Gaur egun, eskura dauzkagunak guztiak eta, hala ere, “hau guztia bukatzen denean egin beharko dugu bat” bezalako esaldiekin alboratzen ditugunak oraindik.

Zenbat aldiz aritu garen pandemiaren bukaeran egingo ditugun bidaiekin ametsetan. Mundua zeharkatzeko gogo izaugarriarekin guztiok, enarak bagina bezala hegan hona eta hara. Arbaiungo arroila non dagoen jakin gabe, Coloradokoak bisitatzeko gogoz zegoen euskal herritarra. Gaur egun, Leireko mendilerro hori bertan izan arren, bere etxean Arizonako iparraldea buruan duela jarraitzen duena, Nafarroako ekialdea urrutiegi baitago garaiotarako.

Zenbat aldiz aritu garen hau guztia gainditu ondorengo gizartean pentsatzen. Arratsaldeko 20etan balkoira irten eta osasun langileei txalo joz, bakoitzak gizarteari egin ziezazkiokeen ekarpen xume horiekin amets eginez, etorkizuneko proiektuak diseinatuz. Gaur egun, etxetik lanera eta lanetik etxera biziz eta herrigintzaren inguruko amets horiek ahanzturan utziz dihardugu. Eta, osasun langile txalotuei dagokienez, ahaztu zaigu haiek aldarrikatzen zuten osasun sistema publikoaren inguruko eztabaida, guztiz beharrezkoa. Gure diskurtsoa aldatu dugu, funtzionario negarti batzuk dira orain.

Zenbat aldiz aritzen garen aitzakia eta ideia merkeekin dantzan, gure burbuila txikian bizitzera ohitu eta bertan gustura gaudela esan gabe; indibidualismoaren eta kapitalismoaren magala goxoa zaigula onartu gabe. Pandemiaren aurretik bezala.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!