Guztiok gara beharrezkoak euskararen aldeko lanean

Erabiltzailearen aurpegia ITG Taldea 2015ko api. 16a, 11:15

Salerosketak be, euskeraz ekimena hizpide izan da azken egunotan. Kritikak zilegi izateaz gain, beharrezkoak ere badira edozein errealitate hobetu nahi bada, eta zentzu horretan ongi etorri izan bitez. Ez dugu artikuluen bitartezko hika-mika sustatu gura, baina ekimenaren sustatzaile garen heinean ezinbesteko dugu gure iritzia ere publikoki jakinaraztea.

Azken hamarkadetan euskararen ezagutzaren esparruan lan eskerga eta ilusioz beterikoa burutu izan da. Hortan darraie buru-belarri hamaika erakundek, ikastetxek nahiz elkartek. Txalotzekoa dugu, benetan, egiten dabiltzan lana, eta poliki-poliki ikusten goaz egindako lanaren fruituak.

Proiektu honek ordea, euskararen erabilera du bere jomuga, eta bereziki Durangoko arlo sozioekonomikoan eragin nahi du. Salerosketak be, euskaraz ekimenak herritarren eguneroko erosketetan euskara lehen hizkuntza bezala erabili daitela du helburu. Hortarako, dakitenek euskara erabiltzera sustatu nahi du, eta ez dakitenak ere euskarara hurbiltzea du helburu. Euskararen erabilerak, ezagutzarekin gertatu den bezala, epe luzerako sentsibilizazio eta kontzientziazio lan bat eskatzen du baldin eta herritarren gehiengoa euskarara gureganatu nahi badugu. Jakitun gara herri baten jokaerak ezin ditzakegula egun batetik bestera aldatu.

Ekimenari kritikak publikoki egiteak pena eman digu, ekimena bultzatzen dugunongana zuzenean etorri, eta iritzi horiek jakinarazi ordez. Ziurrenik proiektua bere osotasunean ezagutuko balitz bestelakoak lirateke iritzi horiek. Ez gara gehiegi euskararen aldeko lanean gure herrian dihardugunak, eta hortan dihardugunok elkarren lanari mokoka jendaurrean aritzea baino, seguruenik emankorragoa genuke ditugun lan-ildo, ekimen eta kanpainak elkarrekin nola findu eta hobetu pentsatzea eta lantzea.

Gure iritziz, Salerosketak be, euskaraz ekimenak, akatsak akats, bide interesgarria egin du azken bi urteotan gure herriko merkataritza guneetan euskararen erabilera sustatzeko. Ezbairik gabe asko dago egiteko oraindik, eta elkarlanerako gonbitea luzatzen diogu ekimenaren helburuetan bat datorren bidelagun orori proiektu honetan bat egitera.

Bide batez, urte hauetan proiektuan sinetsi eta inplikatu diren ia 200 merkatalgune eta milaka herritarrei gure esker onak emateko aukera hau baliatu nahi genuke, eta halaber proiektua aurrera eramaten laguntzen diharduten erakundeei. Aurrerantzean ere, beraiei eta partaide berri gehiagori esker, denon artean, Durangon salerosketak be euskaraz egitea errealitate bihurtzen jarraituko dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!