Adarbakarra

Erabiltzailearen aurpegia

Goizero-goizero, lanera sartzerakoan, bidaia egiten dut haurtzarora. Lantokiaren atarteak badu usain berezi bat, umetako pasarte bat gogorarazten didana; hain zuzen, liburutegira joan nintzen lehenengo aldia.

Akordatzen naiz uda-sasoian izan zela, eta aitak lagundu zidala, “nagusien” liburu bat irakurri gura nuela-eta; marrazki gutxi eta letra asko dituen horietakoa. Han ibili ginen, orain goizetan arnasten dudan usaina zerien liburuen artean, hautu zuzena egin nahian. Bilatu eta bilatu, azkenean aukeratu nuen ditxosozko liburua.

Bertako langileak kartoizko txartel urdin batean idatzi zituen nire izen-abizenak, bai eta aukeratutako liburuaren izenburua ere: Adarbakarra (SM, 1991). Artean, irakurtzen ikasi berri nuen; beraz, ez dut uste irakurraldi gozo eta samurra izan zenik. Hala izanda ere, ez naiz istorioaz gogoratzen. Baina, ez dut ahaztu azaleko zaldi adarduna.

Atzo ere, Liburuaren Nazioarteko Egunean, liburutegiko lehenengo esperientzia hartaz akordatu nintzen. Adarbakarraren adarra etorri zitzaidan gogora: haren sastadak bihurtu nau literaturazale, seguru. Hura izan ez bada, txartel urdin hartan jasotako izenburuen atzeko istorioak: sorginkeriak eta edabeak, animalia hiztunak, laminen urrezko orraziak, arkatz magikoak, urrutiko erreinuak, piratak, mamuak, bidaia harrigarriak…

Zaila omen da adarbakarrak ikustea, baina nik aurkitu nuen neurea, eta, haren gainean, hamaika istorio bizi izan ditut.

Durangaldeko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak whatsapp bitartez jaso gura dituzu? Bidali ALTA 688 635 041 telefono zenbakira.