Horrela,1965ean pertsona talde bat elkartu zen eskualdearen etorkizunaz arduratuta eta Durango Merinaldeko Adizkideen Gerediaga Elkartea sortu zuen: gaur egun Gerediaga elkartea
Datorren urtean, 45 urte izango dira Durangoko Merinaldeko Amankomunazgoa sortu zela Gerediaga Elkarteak sustatuta . Helburua argia zen: herri ezberdinen arteko elkarlana indartzea eta eskualde mailako erakundea abian jartzea aurreko aroan egiten zuten eran. Betiere, sasoian sasoiko garaietara egokituta.
Luzea eta neketsua izan da bidea. Aurrerapausoak eman dira. Baina ez nahikoak. Gaur egun, oraindik, eskualdetasun-espiritua eta sentimendua nahiko genukeena baino ahulagoa da.
Faktore askoren ondorioa da eskualde kontzientzia honen galera. Horietariko bat da hurbileko instituzioen iragana behar beste ez ezagutzea, horrela Durangaldeak historian zehar izan duen komunitate-izaeraren pertzepzioa moteldu eta lausotu egin da nabarmen. Halaber, erakunde publiko ezberdinek indarrean dituzten eskualde-mapak, ez dira beti bat etortzen; bakoitzak bere irizpideen arabera jarduten baitu.
Durangaldearen izaera berezia azpimarratu nahi dugu 50 urte betetzen ditugun honetan. Eskualde kontzientzian eragiten jarraitzeko helburua berresten dugu, eta horretarako eskaera eta deia egin nahi diegu era guztietako erakundeei eta eskualdeko herritarrei:
- Durangaldearen iragan historikoan sakontzeko, garrantzitsua deritzogulako zer garen jakiteari. Beharrezkoa da gure iragana ezagutaraztea eta belaunaldi berriei transmititzea.
- Eskualdearen garrantzia aldarrikatzeko eta indartzeko. Herriaren eta lurralde historikoaren arteko erdi mailako unitate espazial honi zor zaion garrantzia emateko, lurralde antolamenduan orokorrean beharrezkoa delako.
- Mankomunitateari, eskualde mailako erakundeari, beharrezko dituzten bitartekoak eta laguntza eskaintzeko, Durangaldearen garapen ekonomikoa eta bizilagunon bizi kalitatea hobetzea izan dezala helburu nagusi eskualdeko herri mugak gaindituta, batasun batean.