Gerediaga Elkarteak bere 50. Urteurrena ospatzeko egingo duen jaian eztabaidarako lekua ere gorde du. Bere ibilbidean arlo ezberdinetan aholkulari izan dituen lagunak gonbidatu ditu Gerediagak, Durangaldean, bakoitzak eta bere arloari dagokionez, etorkizunean lehentasuna zeri eman beharko litzaiokeen iritzia plazaratzeko.
Goizeko 10:30ean hasiko da jardunaldia ekainaren 17an, Topa Gerediaga jaiko omenaldi ekitaldia orduko. Astolako (Abadiñoko) auzitegi etxeko pleno aretoan izango da. Aholkulari bakoitzak bost minutuko tartea izango du bere arloari dagokion lehentasuna zein den plazaratzeko. Gero, euren artean eta eztabaida saiora hurreratzen direnen arteko solasaldiari egingo zaio lekua.
Honako hauek dira gonbidatuak
Iñaki Goiogana. Errepublika eta gerra garaiko aditua. Memoria historikoa arloko historialaria. Sabino Arana Fundazioko artxiboko arduraduna.
Iñaki Irigoien. Euskal folklorea ikertzen jardun izan du eta batez ere Bizkaiko dantzak. Dantzari Dantzari buruz ikerketak egin ditu eta Durangaldeko hainbat dantzaren berreskurapenean pertsona garrantzitsua.
Dona Gil eta Armando Llamosas. Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko arkeologia zerbitzuko langileak. Durangaldeko ondarearen gaineko ikerketa askotan aholkulariak.
Alberto Santana. Bizkaiko Foru Aldundiko etnografoa. Baserrien historia arkitektonikoari buruzko ikerketak burutu ditu.
Jose Luis Lizundia. Euskaltzaindiako kidea eta Gerediaga Elkarteko sortzaileen taldekoa. Euskara eta bereziki toponimia arloko ikerlaria.