Mañariako Udalak eta Gerediaga Elkarteak Mañaria, Harrizko Herria liburua aurkeztu dute gaur. Mañariarren testigantzak jasoz, herritarren ikuspegia nagusi dela, Mañariari buruzko historia liburu ezberdin bat dela azpimarratu dute. Datorren ostiralean, apirilaren 24ean, arratsaldeko 7etan, Errose Bustinza Kultur Etxean egingo da herri aurkezpena.
Mañaria herriari buruzko historia datu nagusiak, ondarea, pertsonaiak, natura eta bitxikeria batzuez gain, 40 herritarrei egindako elkarrizketak dira liburuaren ardatza. 160 orrialdetako historia liburu ezberdin bat egin nahi izan dute, irakurketa errezekoa. Horregaitik, diseinua zaindu, argazkiek pisu handia izatea eta herritarren protagonismoa bilatu dute.
Txelu Angoitia argazkilaria eta Gerediaga Elkarteko kidea izan da liburuaren egilea. Urte luzea egin du elkarrizketak egin, argazkiak atera eta liburuaren diseinu eta eduki osogarriak atontzen.
Liburua Mañariako liburutegian salduko da 10 euroko prezioan eta Durangoko liburudenda batzuetan 15 euroan.