Memoria historikoaren berreskurapena Gerediaga Elkarteak aurrera eraman duen proiektu nagusienetako bat izan da azken hamarkadetan. 1984an Manuel Tuñon de Larak eskainitako hitzaldia batetik eta 1987ko Bonbardaketaren 50. Urteurrenerako egindako erakusketa bestetik, giltzarri izan ziren harrezkero egindako lanerako.
2001ean Kriskitin Dantza Taldea eta Berbaro Elkartearekin batera , 1937ko martxoaren 31n hildakoen omenez ekitaldia egiten hasi ginen. Biktima hauek, 2005etik oroigarria dute Andra Mariko elizpean, Sabino Arana Fundazioarekin batera egindako lanaren emaitza.
Biktimak eta gerra zibileko gertakizunak gogoratzeko ekintzak ez dira bakarrik Durangon burutu. Otxandio, Elorrio, Berriz, Mañaria… izan dira erakusketa, hitzaldi eta omenaldien lekuko. Esaterako, 2005ean, Berrizko Udalarekin batera Felipe Urtiaga herriko alkate izandakoa eta fusilatu zutena gogoratzeko ekitaldia egiten hasi ginen. 2008an, Elorrioko parrokoa izan eta Dueñaseko kartzelan hil zen Juan Izurrategi hartu zen gogoan.
Zabalkunde lanen artean izan da ikerketarik, adibidez, 2001ean Jon Irazabalek argitaratutako bonbardaketari buruzko azterlana, 2005ean, Berrizko gerra eta gerraosteari buruz Norberto Ibañez Ortegak eta Jose Antonio Perezek egindako lana, edota 2007an “Gerra zibila Durangaldean 1936-1937” izenburudun liburua.
Gerediaga Elkarteak urteotan egindako lanaren berri, Landakoguneko erakusketan ikusi daiteke.