Igarotako igandean, azaroak 17an, Pedro Hilarión Sarrionandia omendu zuten Garaiko udalak eta Gerediaga Elkarteak bere heriotzaren 100. urteurrena dela eta. Frantziskotarren ordenako fraidea izan genuen Hilarión eta bere bizitzaren parterik handiena Moroko aldean pasatu zuen. Bertan buru belarri amigh-en hizkuntza ikertzen saiatu zen.
1905ean bere lanen ondorioz hizkuntza horren lehen gramatika idatzi zuen, hizkuntza horretako filologia lanen aitzindari bihurtuz. Bere lanak gaur egun oraindik oinarrizkoak dira Rif eta Marokon erabiltzen den bereber edo amazigh-era hizkuntza ikasteko orduan.
Hilarión Sarrionandia dugu Joseba Sarrionandia idazleak idatzitako azken liburuaren ardatza. Moroak gara behelaino artean? izenburuko ikerketan Josebak, Hilarionen figura eta lanak berreskuratzeaz gain, Espainiak eta Morokok XIX. mende bukaeran eta XX. mendeko lehen hamarkadetan izan zituzten harremanak arakatzen ditu, eta, bereziki, euskaldunek, misiolariek, soldaduek eta enpresa gizonek, izan zuten protagonismoa azpimarratzen du.
Eguerdiko 12etan Garaiko udaletxean burututako ekitaldian Hilariónen bizitza eta lanak laburki ezagutzera eman ziren. Ondoren, Iban Gorritik eta Ibai Elorzak prestatutako “Amazigh herria: Lagun askeak” laburmetraia proiektatu zen. Bukatzeko Joseba Sarrionandiaren aipatutako liburuaren pasarte hautatuak irakurri zituzten Unai Iturriagak eta Leire Bilbaok.