Piztu, Poztu, Puztu!

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Errasti 2023ko mar. 10a, 08:53

Zabaldu ditu ateak, heldu da eguna! Martxoren 3an Plateruena Kultur aterpea jendez gainezka ikusi genuen. Pozez zoratzen nago euskal kulturak berriz beste leku bat daukalako Durangon. Herriko Kultur Aterpe izango da Plateruena berriztu hau, eta bertako musika talde, dantza ikuskizun, antzerki, bertso saio eta abarren erdigune izango da.

Durango kultura herria EH Bildurentzat. Kultur elkarte asko ditugu herrian, eta haur, gazte eta helduei kultura irakasteaz gain, euskara bultzatzea ere dute helburu askok. Dudarik gabe, proiektu honetan ezinbesteko eragile direla badakigu; horregatik, ibilbidea eta nondik norakoak bideratuko dituen Kultur Mahaia martxan jarri dugu.

Plateruena eraberritu hau herritik eta herriarentzat izango den proiektu bat da. EH Bildun argi daukagu zerbitzu publikoak herritarrenak direla, eta, beraz, haien esku egon behar direla. Horregatik, Kultur Mahaiari esker, Plateruena Kultur aterpearen nondik norakoak erabakiko dira. Lehen esan dudan bezala, herriak herriarentzat egindakoa izango da.

Horrek guztiak maite ditudan euskal musika talde eta dantzariak oholtza gainean ikusteko aukera ahalbidetuko digu; beraien ikuskizunaz gozatu eta ondo pasatzeko; eta nola ez, Plateruena berriro ere jendez lepo ikusteko. Aro berri honetatik aurrera, orain arte izandakoa baino kultura eskaintza zabalagoa izango dugu bertan. Gora Euskal Kultura eta gora PLATERUENA KULTUR ATERPEA!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!