Emozioa Ezkurdi Jai Alai frontoian

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Errasti 2023ko ots. 3a, 08:30

Txikia nintzenean askotan joaten nintzen ama, izeko, lehengusu-lehengusina eta ahizparekin Ezkurdiko frontoira osaba zesta-puntan jokatzen ikustera. Gogoan dut zoroen pare animatzen genuela osaba, irabaz zezan; olatua egin, zarata batean bere izena esan… Zein oroitzapen onak!

Gerora, bikotekide nuena ere animatu eta ikusten nuen zesta-puntan jokatzen Gernika Jai Alai frontoian. Honek oso gutxitan jokatu zuen Durangon, frontoiaren mantenu ezak berau erabiltzea galarazi baitzuen, eta garai hartan jada, orain dela hamar-hamabost urte, gero eta partida gutxiago egiten zituzten.

Penagarria izan da Durangoko leku enblematiko izen dena hondatzen ikustea. Penagarria benetan frontoiak ematen zuen bizia eta saltsa nola galtzen joan den bizitzea, baita txikitatik gustatu izan zaidan zesta-puntaz nire herrian gozatzeko aukera zapuztea ere.

Hamaika aldiz errepikatu dugu, herriko eraikin eta zerbitzuek mantenua behar dutela. Sortu edo eraikitzeaz gain, hauen ardura eta zaintza hartu behar da; bestela, orain arte gertatu bezala, eraikin eta zerbitzuak eraitsi, kendu edota habetu beharra sortzen baita.

Urte askoan frontoia hutsik, bizitza gabe egon ostean, azkenean lortu dugu konpontzea, lortu dugu frontoia berriro bizirik sentiaraztea. Urtarrilaren 27an berriz sentitu nuen zirrara, eta beraz, berriz gozatu ahal izan nuen haurtzaro hain polita eman didan kirolaz. EH Bildutik beti defendatu ditugu kultura eta kirola; eta, are gehiago, euskal kulturaren erro diren esku pilota eta zesta-punta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!