Sutan gaude!

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Errasti 2022ko aza. 18a, 08:30

Heldu zaigu berriz Azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna, emakumeon aldarrikapen eguna. Egia esan, ez da harro egoteko gaia. Hobe luke aldarrikapen egun horrek existituko ez balitz eta aldarrikatzeko ezer edukiko ez bagenu, baina tamalez ez da horrela.

Urte hauetan guztietan zehar egindako lanari esker, indarkeria matxistari maskara kentzea lortu dugu. Eta gauzak horrela, gero eta emakume gehiago gara edozein indarkeria jasanda, berau salatu eta publiko egiten dugunak, zenbat eta ikusgarritasun gehiago eman orduan eta errazago izango baita kontra egitea.

Ikusgarritasuna emateaz gain, politika eta zerbitzu publikoen indartzea ere bermatu beharra dago. Indarkeria matxistari aurre egiteko baliabide eta tresnak oinarrizko premia legez jarri eta horiek sendotuz.

Zoritxarrez, datuak ez dira batere lasaigarriak: bi emakumetik batek indarkeria matxista sufritu du bere bizitzan zehar. Hau da, ezagutzen ditudan emakumeen erdiek indarkeria matxista pairatu dute bere bizitzako momenturen batean; eta, gainera, ausartuko nintzateke esaten nahiz eta, gaur egun hitz egiteko beldur gutxiago eduki, horietako oso gutxik kontatu dutela pairatu izana.

EH Bilduko Durangoko Udaleko ordezkari naizen aldetik, politika feministak aurrera eramango direla bermatuko dut; ahal den heinean sistema patriarkalari oztopoak jarri eta errotik desagertu arte.

Iraultza feminista izango da edo ez da izango.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!