Artikulu honetan ez dut jaien programazioari buruz hitz egingo, egitaraua sare sozial, liburuxka eta karteletan eskuragarri izango baitugu hurrengo egunetan. Gaurkoan garrantzitsuagoa den gai bat jorratuko dut; jai giroan eta gehien bat gauez gertatzen diren erasoei buruz arituko naiz. Eta oraingoan ez dut berriz biktima jomugan jarri eta zer egin beharko lukeen edo genukeen zehaztuko. Bada garaia erasotzailea jomugan jartzekoa.
Horregatik, San Fausto jaietan pertsona bat bortxatu, ziztatu, jazarri edota zerbaitetara behartu nahi baduzu eraso eginda, edo horretarako gogo puntu bat izanez gero, gera zaitez etxean!
Pertsona bati bere itxura edo jantzita daraman arropagatik eraso egiteko gogoa sartzen bazaizu, gera zaitez etxean!
Zurea ez den orientazio sexuala duen pertsona bati min eman nahi badiozu, gera zaitez etxean!
Pertsona bat hitz eta esaldi lerdetsuak esanez jazartzeko nahia ezin baduzu ekidin, gera zaitez etxean!
Jai osasuntsuak nahi ditugu, errespetuz ospaturikoak.
Eraso matxista, homofobo, transfobo eta sexistarik ez da onartuko. San Faustoetan ondo pasa eta errespetuz jokatu.