16 atari, 64 bat etxebizitza eta etxebizitza bakoitzeko batez besteko 2 edo 3 bizikide.
Pertsona hauek guztiak batu, proiektua azaldu eta denek aho batez honi baiezkoa ematea ez da gauza erraza. Inbertsio handiko obra bat ordaindu eta lanak jasateko prest dauden auzotar denen oniritzia lortu eta aurrera egiteak badu merezimendua.
Eta hori ez da dena, 2016. urtetik martxan dagoen proiektuaren atzerapenak, pandemiaren ondoriozko gelditzea eta prezioen igoera, Espainiako gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak eragindako atzerapenak, hamaika batzar eta erantzunik eza... hau dena jasan eta Euskal Autonomia Erkidegoan dauden 4 hiri-berroneratze proiektuetatik aurreratuen eta lehen izaten jarraitzeak ere badu onkaia.
Administrazio arteko harremanak garrantzitsuak dira bai, batez ere, proiektu baten etorkizunaren erantzule den administrazio batek proiektua kudeatzen duen administrazio txiki bati zama jarri eta berau atzeratzen duenean.
Baina herriko auzo oso baten geroa kolokan dagoenean, eta bertako biztanleek urteetan zehar izugarrizko lana egin dutenean, politikoki, salbatzaile intsignia jarri eta bakoitzaren erantzukizuna saihestea ez da bidezkoa.
Nik, Durangoko Udaleko gobernu taldeko EH Bilduko zinegotzi naizen aldetik, Aramotz auzoko herritarren lana nabarmendu nahi dut, beraien esfortzurik gabe, administrazio arteko harreman ezin hobeak izan arren, ez baikenuke proiekturik izango.